GAIKA
eu | es | en

Aurkezpena

EHUskaratuak corpuseko ikasliburuak

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua 2002. urte ingurutik ari da unibertsitate-mailako ikasliburuen itzulpenak metodologia jakin bat sistematikoki aplikatuz argitaratzen. Jakintzaren arlo guztietako liburuen itzulpenak dira: giza zientziak, gizarte-zientziak, ingeniaritza eta teknologiak, osasun-zientziak eta zientzia zehatzak eta materiaren zientziak. Ingelesetik, frantsesetik eta gaztelaniatik itzultzen ditugu, eta horietako asko erreferentziazko liburuak dira nazioartean.

Itzultzea erabakitzen diren liburuak arlo bakoitzeko irakasleek aukeratuak eta eskatuak izaten dira; lehenbizi, eskolaz eskola egiten da itzulgaien biltze-lan bat; geroago campus bakoitzean; azkenik, UPV/EHUko Euskara Batzordeak osatzen du itzuliko diren liburuen zerrenda, betiere aurrekontuaren arabera eta indarrean dagoen euskararen planak markatzen dituen baldintzen arabera.

Behin itzuliko diren liburuak aukeratuak direnean, itzulpen-metodologia jakin bat erabiltzen da, eta horri jarraituz itzultzen dira liburu guztiak.

Honetan datza metodologia hori.

Liburu bakoitzaren itzultzaileak ondo baino hobeto ezagutzen ditu alde batetik itzulpengintzaren estrategiak eta beste alde batetik liburuaren jakintza-arloaren nondik norakoak.

Itzultzaileez gainera, jende gehiagok hartzen du parte liburu bakoitzaren itzulpen-prozesuan: bi begirale izendatzen dira itzulpena behar bezala egina den berma dezaten; begirale bakoitzak bere eginkizuna du:

Begirale teknikoa (arloan arloko aditua edo adituak) arduratzen da itzulpenaren alderdi terminologiko eta kontzeptuala egoki gauzatu direla bermatzeaz.

Hizkuntza-begiralea (Euskara Zerbitzuko kide izan ohi dena) arduratzen da azken testua euskararen aldetik zuzena, egokia eta irakurgarria egiteaz.

Hiru hankako aulkia osatzen dute, beraz, itzulpen-prozesu hauetako parte-hartzaileek: itzultzailea, begirale teknikoa eta hizkuntza-begiralea.

Itzulpenaren kalitatea bermatzen duen metodologia hori baliatuz euskaratu dira EHUskaratuak corpus honetan biltzen diren ikasliburu guztiak.

EHUskaratuak corpusa

Corpusak testu-bildumak dira, lagin erreal gisa hizkuntza deskribatu eta aztertzeko baliatzen direnak, eta erabilera anitz dituzte: hizkuntzalaritza, hiztegigintza, terminologia, itzulpengintza, hizkuntzen irakaskuntza... Mota askotako corpusak daude, hainbat irizpideren arabera sailka baitaitezke. Hala, corpusak izan daitezke elebakarrak edo eleanitzak, orokorrak edo espezializatuak... Gaur egun corpusak formatu digitalean egoten dira eta gehienek informazio linguistikoa izaten dute, bilaketak eta azterketak errazteko.

Une honetan online dagoen EHUskaratuak Corpusak 2008tik 2016rainoko liburuak barne hartzen ditu, 5 alor eta 18 azpialorretan banatuta. Guztira, beraz, 75 liburu dira.

Beheragoko taulan ikus daiteke nola dagoen osaturik EHUskaratuak corpusa esaldi eta hitz kopuruei dagokienez hizkuntza bakoitzean eta orotara. Zenbaki horiek, hala ere, urtez urte handituz joango dira, corpusa itzulpen gehiagoz elikatu ahala.

Hizkuntza Esaldiak Hitzak
Euskara 631.284 8.130.410
Gaztelania 233.485 4.423.095
Frantsesa 15.791 351.747
Ingelesa 382.007 5.684.825
GUZTIRA 1.232.377 18.048.431

EHUskaratuak Corpusa Elhuyar Hizkuntza eta Teknologiak garatu du.